2017-05-29

LIP-DUBEAN

Larunbatean ederki pasa genuen lip-dubean! Samaniegoko familia asko hurbildu ziren euskararen aldeko festara eta globoak bukatu ere egin zitzaizkigun!! oso dibertigarria izan zen. Gainera, batek baino gehiagok, etxean egindako txartelak eta leloak ekarri zituen. Zuek bai, zuek, partehartzaileak! eskerrik asko denei, eta ez ahaztu....

LAU HAIZETARA
ZABAL DEZAGUN ARNAS GUNEA
GU HAIZE GARA
HIZKUNTZA BATEN HAUSPO XUMEA


ARGAZKIAK

2017-05-28

GURASOEK EUSKAL JOLASEN TAILERREAN IKASITAKO HAINBAT JOLAS

Martxoan egin zuten Haur Hekuntzako 17 gurasok euskal jolasen tailerra. Bertan ikasitakoa besteekin partekatu nahian, gonbidapena bidali zieten beste guztiei eta maiatzeko ostiral batean animatu zirenak patioan bildu ziren. Espero baino jende gehiago bildu zen (HHko argazkietan dituzue irudiak)  eta primeran ibili ziren, korroan, korrika... antolatzaileak gustura, eta gonbidatuak, zer esanik ez!! askok, gainera, merienda goxoa ekarri zuten denentzat. Parte hartzaile guztiei gure eskerrik beroenak!!!

Jolastea denoi gustatzen zaigulako!! Animatzen? Ikastaroa egin zuten gurasoek materialea zuen eskura ere jarri nahi izan dute. Hona hemen:


KANIKA TXIKI BAT


Lehendabizi zotz egingo dugu nor izango den betetzen erabakitzeko. Betetzea tokatzen zaionak kanika hartuko du eta beste guztiak lerro batean jarriko dira. Abestia abesten dugun bitartean eskuak bularraren aurrean jarriko ditugu elkarturik eta kanika duena eskuz esku pasatzen joango da. Abestia bukatzera doanean kanika norbaiten eskuetan utziko du eta azkena ukitu duenari tokatuko zaio kanika noren eskuetan dagoen asmatzea. Asmatzen badu, kanika eskuetan zuena izango da bete eta ez badu asmatzen berriz bera izango da.

KANIKA TXIKI BAT DABIL
SALTOKA ESKUTIK ESKURA
NORK OTE DU, NORK OTE DU ,
NORK OTE DU NIRE KANIKA ?
KANIKA , KANIKA , KANIKA.


SAGU TXIKI


SAGU TXIKI SAGU MAITE
ZULOTXOAN GORDE ZAITEZ
ZAPIK IKUSTEN BAZAITU
KRIS KRAS KRIS KRAS
JANGO ZAITU
JANGO ZAITU!
EZ NAU JANGO!



ARISTI SALE SALE



Dantza egiteko jolasa da. Jokalari guztiek biribila osatuko dute, erdira begira jarrita. Abesti osoa abesten duten bitartean, mugimendu batzuk egin beharko dituzte:
  • ARISTI SALE SALE LE TIBO TIBO TIBO: ezkerrerantz pausoak eman abestiaren erritmoari jarraituz.
  • ARISTI SALE SALE LE TIBO TIBO TIBO: eskuinerantz pausoak eman abestiaren erritmoari jarraituz,
  • TIBO TIBO TIBO: ezkerrerantz pausoak eman (4 pauso)
  • TIBO TIBO TIBO: eskuinerantz pausoak eman (4 pauso)
  • TIBO TIBO TIBO: ezkerrerantz pausoak eman (4 pauso)
  • TIBO TIBO TIBO: dauden tokian hiru salto eman.
Abestia zazpi aldiz errepikatuko da, baina kantuak aurrera egin ahala, geroz eta mugimendu zailagoak egin beharko dituzte:
  • bigarren aldia: eskuetatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • hirugarren aldia: gerritik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • laugarren aldia: sorbaldetatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • bostagarren aldia: belarrietatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • seigarren aldia: hanketatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.
  • zazpigarren aldia: orkatiletatik elkarri helduta eta hasieran bezala eskuinerantz eta ezkerrerantz mugitu.


ZUBIRI-ZUBIRI


ZUBIRI ZUBIRI
NONGORI, NONGORI
NONGO ALKATE ZARA ZU?
FRANTZIAKO ERREGEAREN
SEME ALABAK GARA GU.
ZUBI HONTATIK PASATZEN DENA
HEMEN GELDITUKO DELA,
HEMEN GELDITUKO DELA.



OTSO JAUNA/ANDREA


Jokalari batek otsoarena egingo du eta horretarako jokalari guztien artean zotz egingo dugu nor izango den otsoa erabakitzeko. Otsoa pareta baten kontra jarriko da eta beste jokalariak paretatik hamarbat metrora jarriko dira lerro batean, otsoa eta beste jokalariak parez pare elkarri begira. Jokalariek galdetuko dute: “ze ordu da otso jauna/andrea?”, otsoak edozein ordu erantzungo du; adibidez: “jolasteko ordua”. Orduan beste jokalariek erantzungo diote: “eeeeezzz” eta hiru pausu emango dituzte aurrera. Jolasak horrela jarraituko du baina nahi duenean otsoak erantzun dezake: “jateko ordua”. Orduan taldekide bat harrapatzen saiatuko da hau hasierako marrara iritsi aurretik. Lortzen badu harrapatutakoa izango da otso berria. Inor harrapatzen ez badu pertsona berdina izango da otsoa berriz ere.

JOLASEAN NENBILEN


JOLASEAN NENBILEN ILUNDU ZUENEAN.
KUKUA KANTUAN HASI ZEN GAUEAN.
KUKU!KUKU!KUKU!KUKU!
- OTSOA, HOR ZAUDE?
BAI, BAINA GALTZONTZILOAK JANZTEN ARI NAIZ!



JOLASEAN NENBILEN ILUNDU ZUENEAN.
KUKUA KANTUAN HASI ZEN GAUEAN.
KUKU!KUKU!KUKU!KUKU!
-OTSOA, HOR ZAUDE?
BAI, BAINA KAMISETAK JANZTEN ARI NAIZ!

JOLASEAN NENBILEN ILUNDU ZUENEAN.
KUKUA KANTUAN HASI ZEN GAUEAN.
KUKU!KUKU!KUKU!KUKU!
-OTSOA, HOR ZAUDE?
BAI…ETA BANOA…JAN EGINGO ZAITUT!



ESKUBIDUBIDU

Abestiaren erritmoari jarraiki eta eskuekin mugimendu batzuk eginez gorputzeko atal bakoitzaren soinuak egin beharko dira:

HANKAREN SOINUA...PLOF-PLOF
HANKAREN SOINUA…PLOF PLOF
HANKAREN SOINUA…PLOF PLOF
...ETA ESKUBIDUBIDU.

Abesti guztian zehar mugimendu berak errepikatzen dira baina aipatzen den gorputzaren atalaren arabera soinuak eta soinuei dagokien keinua aldatzen dira:

Eskuaren soinua, PLAS-PLAS = bi txalo.
Hemen ESKUBIDUBIDU esan ondoren PLOF-PLOF eta PLAS-PLAS egin behar da, hau da, lehenengo hankaren soinua egin eta ondoren eskuarena.

Belarriaren soinua, TILIN-TALAN = belarriak ukitu.
Hemen ESKUBIDUBIDU esan ondoren PLOF-PLOF, PLAS-PLAS eta TILIN-TALAN egin behar da, hau da, lehenengo hankaren soinua egin, ondoren eskuarena eta azkenik belarriena.

Gauza bera egin behar da gainerako gorputz atalekin:
Begien soinua, TIK-TAK = begiak ukitu.
Sudurraren soinua, MOK-MOK = sudurra heldu.
Ahoaren soinua, AAAAH = ahoa ireki eta ezpainak ukitu.
Ilearen soinua, ZZZIIII = ilea eskuarekin ukitu.
Ipurdiaren soinua, BOIN-BOIN = ipurdia alde batera eta bestera mugitu.
Eskeletoaren soinua, KROK-KROK = gorputz guztia mugitu, besoak aurrera luzatuta jarrita.

Bukaeran soinu guztiak jarraian egin beharko dira, baina pixkanaka erritmoa mantsotuko dugu, eskeletoaren soinua eginez gelditu arte.

DOMINO ABANTI

Antzezpen jolas honetan jolaskide guztiek biribil bat egingo dute, zutik. Erdian lagun bat jarriko da, eta honek esandako eta egindako guztia errepikatuko dute beste guztiek. Erdikoak antzeztuko du abestiaren hitzek adierazten dutena:
  • DOMINO ABANTI = besoak aurrera luzatu, hatz lodia gora begira dagoelarik.
  • DOMINO PREGO = besoak jaso bularrera.
  • BURUA GORA = burua gora begira jarri.
  • HANKAK OKERTU = belaunak okertu, oinak barrualdera geratzeko moduan.
  • IPURDIA KANPORA = ipurdia atzeraka bota.
  • BEGI BAT ITXI = begi bat itxi.
  • MINGAINA ATERA = mingaina albo batera atera.
  • AURRERANTZ MUGITU = oinez aurrera joan.
  • TRIKITIXA, TRIKITIXA, TRIKITIXA XA XA = aurretik esandako guztia aldi berean eginez, gorputza alde batera eta bestera kulunkatu.

MASAJEA

KASK- KASK OSKOLA, KRASKATU ARRAUTZA OSKOLA;
BEHERA BADOA HAREN GORRINGOA.

INURRITXOAK GORA, GERRITIK LEPORA;
BEHERA BEHERA INURRIAK, BETI BIHURRIAK.

AUPA ELEFANTEAK, ZUEK BAI MASTODONTEAK.
MESEDEZ JAUTSI, EZ NAZAZUE HAUTSI.

TXITOAK GORAKA, TXIO-TXIO-TXIOKA;
TXITOAK BEHERAKA, AITA KUKURRUKA.

IGO SAGU SAGUZARRAK, IGO SAGU SAGUZARRAK,
ODOLA ZURRUPATU, ODOLA ZURRUPATU.

JAUTSI SAGU SAGUZAHARRAK, JAUTSI SAGU SAGUZARRAK,
ODOLA ZURRUPATU, ODOLA ZURRUPATU.

LARANJEN IGOERA, ZUKUA ATERA, ZUKUA ATERA.
LARANJEN JAITSIERA, ZUKUA ATERA, ZUKUA ATERA.

HOTZAK AKABATZEN NAGO. FU, FU!
HOTZAK AKABATZEN NAGO. FU, FU!
HOTZIKARA ETA AGUR.